XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Hernando, erran zakon apezak gaitzitua zenez erakutsi gabe: hau emok nagusiari.

Golkotik paper zimurtu bat aterarik eman zakon, eta begi zuringotuak zeruari buruz altxatuz joan zen, bidean behaztopaka, noizik behinka otoitz bat marmarikatuz: mundu huntan ezpada, Jauna, bertzean ahantz eztezala zure azoteak.

Hola zuen bada Urzuak eskuratu Saposoatik Portillori igorria zakon eskutitza, sei mila pizuren konduan Doradoko mozkinetan hartzaile zitakela...

Zabaldu zuen ohartu gabe:

- Ene oiloek on dagizutela ! idazten zakon Portillok, gabeziaz trufazeko.

Barurak ez du bakarrik gorputza purgatzen, izpirituari ere idekitzen dio ezin asmatuzko ateka, zeruko argia agertzen duena eta arima bidez makurtu gabe jalgitzen.

Barurak beharrietarat hel dezake ere zeruko soinuen oiharzuna.

Arku-musika entzuten zuela iduritu zitzakon, legun, garbi eta indarrean halere, oihana bera baitzen oso osoa musikari emana.

Portillo erori zenean doinua ere geldi.

Portillo xutitu orduko soinua gorago, mamitsuago ere bai, arku andana bat hasi balitz bezala.

Egundaino ez bezala, lehenbiziko behakoaz hartzen zituen gauzak.

Alta bazakien oihan handian zela, ur handi bazterrean eta alde orotarik urez inguraturik; bizkitarte zeruko lorian, hain segur zeruan aurkitzeaz non, bere biziko usteak irauliz bapateko haize batek hartu zuen, bere baitan ziolarik: urak, oihanak, Espainia, mundua...

Guziak asmu huts batzu zitian, muinetako bide zeihar batzu, hunaraino heltzeko hegalak: aldiz zerua, zerua duk egia bakarra, barnean nizanez gero!

Zorionaren uhainak gorago altxatu zuen oraino, bera ere soinu bat balitz bezala, ixiltzen edo hantzen ahal dena, aingeruzko dohaina oso begiratuz.

Satanek azken indar bat egin zuen bide hortarik makurtzeko, galdeginez frogaz zegon!...